Arrotza nintzen eta etxean hartu nauzue

  • Modifier

Par l’abbé Jean Pierre Etcheverry

Hebdomadaire basque « Herria » 2010/09/23 N°3073

 

Il est injuste de jeter le discrédit et de condamner toute une ethnie des gens du voyage sous prétexte que quelques-uns vivent sans respecter la loi. Il y a beaucoup de Roms qui vivent depuis longtemps en France : ils sont français et beaucoup d’entre eux sont morts à la guerre pour défendre la liberté et une terre sur laquelle ils  ne peuvent souvent pas poser leurs caravanes. Acceptons leur manière de vivre différente et comme beaucoup le font déjà, accompagnons-les dans le respect mutuel. Et n’oublions pas que ce sont nos frères : «  Ce que tu fais au plus petit d’entre les miens c’est à moi que tu le fais » dit Jésus.

 

 

Zonbeit aste hauetan  egun guziez agerkari irrati eta telebixtak aipatzen dauzkigute «  ROM » deitzen diren ibilkariak. Zortzi milako bat segurik haizatu dituzte Frantziatik gure buruzagiek jestu gutiz ez dutelakotz ez legezko bizitegirik ez eta ere bizipiderik. Jazko urtean 9875 kanpo eman dituzte. Kalapita handiak izan dira aurten  ROM  arraza horren kontra altxatu baita gure barneko minixtroa bera. Ainitzek Aita saindutik haste, apezpiku zonbeit, Europako eta ONUko kargudunek salatu dute ekintza hori  zaku berean emaiten baitituzte « ROM » guziak denek gure legeak mespretxatzen balituzte bezala.

Bizpahiru gogoeta nahi nuzke egin gertakari hits horietaz :

Lehenik ez ginuke ahantzi behar Europako seme eta alabak direla ROUMANIA-tik heldu baitira.  Egia da ez dituztela denek gure legeak errespetatzen bainan «  ROM » horietarik ainitz badira Frantzian aspalditik bizi direnak. Gizonek gerla egin dute frantsesak baitziren, gure lurraren eta gure askatasunaren defenditzeko eta heietarik frango gerlan hil dira.  Gerlatik landa ez zuten nihun tokirik bere  etxolen  pautsatzeko. Orduan sortu dira talde batzu hirietako buruzagieri injustizia horren xuxentzeko. Duela hogoi urte lege bat egin dute gure deputatuek galdegiteko bortz mila goitiko herrien buruzagieri toki bereziak antola ditzazten ibilkarientzat. Lege  hori deitzen da « Loi BESSON ». Ainitz egin badute ere, bada oraino zer egin ibilkari horiek bizi diten beti polizia ondotik izan gabe. Ez ote dugu denek onartu behar ez dugula denek bizitzeko molde bera ? Bainan gu ez bezala bizi dena, maiz gaizki ikusten dugu edo baztertzen .

Beraz ez ditzagun denak kondena : Ezagutzen ditut « Rom » horietan jende zuzenak eta zuhurtziaz beteak.

Bigarren gogoeta : ibilkarietan badira  zonbeit, ez denak, Frantzian sartu direnak paperrik gabe eta baimenik gabe : zuzen da gure buruzagiek legea obra dezaten. Bainan Telebixtan ikusi dudalarik nola xehatzen zituzten «  Rom » horien bizi tokiak, sofritu dut. Ez ote zuten geiago errespetu merezi familia horiek, izanik ere pobreak eta behar ez den tokietan emanak ?

Hirugarrenekorik, denak kasatu orde bortizki ez ote litake hobe galdegitea herri handi guzietako ordezkarieri  toki berezi batzu apailatzea « karabana » edo etxoletan bizi direnentzat ? Haatik ez urririk bainan ura eta argia pagatuz guziek bezala : hori da arraza edo talde horieri zor diogun errespetuaren erakustea. Hortarat heldu gira  Baionan duela hogoi-ta-bederatzi urte kargudunekin  eta ibilkariekin mintzatuz. Borondate onarekin  egiten ahal ez denik ez da.

Azkenik fededun bezala orroitzen naiz arrotzak gure anaiak direla bertze  guziak bezala. Nola errezebitu ote ditutzu arrotzak edo urrunetik etorriak ? dauku galdeginen  Jaunak azken egunean «  Egiaz diozuet : nere haurrideak diren ttipien hauetarik bati egin diozuen aldi guziz, neri egin dautatzue ». Elgar errespetatzea, elgar laguntzea ez da errex  segur : bainan bide hori hartzen duten guziak bakearen langile baitezpadakoak dira mundu huntan.

 

Jean-Pierre Etcheverry